top of page

 Euskharan Kultur Elkartea 1998. urtean sortu zen Gasteizko Aranbizkarra auzoko bihotzean, Gasteizko Ipar-ekialdeko auzuneak baitan hartzen dituen 7. alaba auzo elkarteko komisioak hala bultzatuta, izan ere, Aranbizkarra-Arana/Aranbide-Arantzabela auzoetako bizilagun euskaldunek euskaraz aritzeko txoko baten beharra zutela sumatu zuten. Horrela, Euskharan Kultur Elkartea sortu zen. Urte berean Gasteizko Udaletxearekin hitzarmena sinatu eta orduz geroztik urtero proiektu berri bat aurkeztu izan du, egun Proiektu Integrala lortu den arte.

 

      Populazio kopuru oso handia eta euskaldun kopuru oso txikia (ezagutza geroz eta handiagoa den bitartean praktikak ez du aurrera egiten) duen Gasteizko ingurune urbano honetan, azken hau nahiko dispertsatuta agertzen da. Lehenengo hitza Gazteleraz izaten da harreman berrietan, eta oso zaila da gero ohiturak aldatzea.

 

      Elkartea sortu zenean proiektu xume batekin eman zituen bere lehenengo pausuak  Arabako Bertso Eskolarekin batera, mintza praktika, Gasteizko hiriari euskaraz aritzeko gune eroso bat eskaini nahi zuten, gure hizkuntza bultzatzeko asmoz. Horrela, egitasmo honen bidez, familiak eta harreman sareak euskalduntzeko urrats bat eman eta euskaldunen sarea berregituratzen saiatu da. Hala ere, ikastetxe eta euskaltegietan euskarak espazioa irabazten ari den bitartean, kalean ez da horrenbeste nabari. Horregatik, azken batean kaleko eta etxeko zein ezagutza eta praktikaren arteko espazio hori irabazten joatea da elkartearen helburu nagusienetariko bat. Gainera, zoritxarrez, Gasteizen helburu hau aurrera ateratzeko ez dira nahiko ekimen burutzen, eta hau gutxi balitz, gero eta gutxiago dira helburu hauek aurrera ateratzeko lanean ari diren hiri mailako elkarte txiki gertukoak.

 

      Urteak pasa ahala, Euskharan izena geroz eta ezagunagoa izatea lortu zuen, Gasteiz mailan indarra hartu eta honek guztiak, lan handi baten ondoren, eragin zuen eskaintzen zituen ekintzen zabalkuntza nabari bat. Gaur egun proiektu integrala osatzea lortu du, baita Gasteiz osoko auzo ezberdinetan zabaltzea ere (San Martin, Errekaleor eta Lakua).  

 

Proiektuaren justifikazioa ("Euskharan mingainean" Zurine Gil, 2012) :

 

       Auzoan euskararen Inguruan dinamika eta sakabanatuak egon dira. Dagoen jende euskaldunaren kopurua izugarria da, batez ere haurrei dagokionez. Baina ez da orekarik egon ordea, auzoan euskaraz bizitzeko euskerarik, esparrurik. Ikastetxe eta euskaltegietako lau pareten barruan geratzen dira euskararen erabilpena eta bizitza kulturala. Horregatik, hezkuntza formala eta ez-formalaren arteko osagarritasunean egongo da hizkuntzaren ezagutza eta erabilera orekatzeko abiapuntuan, hots, hizkuntzaren ezagutza eta erabilera orekatua sustatzeko bidea eta hor, hezkuntza ez-formalean, eragitea du xede nagusi Euskharan Kultur Elkarteak.

bottom of page